Edukira joan

Mendialdeko klima

Wikipedia, Entziklopedia askea
Munduko klima motak: mendialdeko klima marroiz.

Mendialdeko klima (baita goimendietako klima edo klima alpinoa ere) eskualde menditsuetako klima mota da, zona klimatikoa edozein delarik ere. Mendiek aldaketa asko eragiten dituzte meteorologian eta baita klimen banaketa orokorrean ere. Mendien orientazioak, goratasunak, eguzkialdiak eta bolumenak ondorioak izaten dituzte eta ez dauden lekuan soilik: mendialde garaiak eta zabalak direnean, klima mota bereziak sortzen dira.

Köppen klima sailkapenean, mendialdeko klima "E" taldekoa da, klima polarrarekin batera, ez baitu hilabeterik bataz besteko tenperatura 10 °C baino handiagoa denik.

Zenbat eta garaiera handiagoa, orduan eta apalagoa izaten da eguratsaren presioa.

Eguratsaren masa txikitzeak eta presioa apaltzearen batetik, eta bestetik, eguratsaren osagai aldakorrak gutxitzearen ondorioz eguratsak eguzki energia gutxiago xurgatzen du eta lurrera iristen diren eguzki irraden intentsitatea handitzen da. Mendietako aireak bero gutxi atxikitzen du eta tenperatura apal mantentzen du; mendi hegaletan, aldiz, eguzki irradek zuzenean jotzen dutenean, egunez bero kontzentrazio handia izaten da eta horrek tenperatura garaiak eragiten ditu; gauez, alabaina, aire dentsitate apalak hotz handia dakar. Eguratsaren presioa asko jaisten denean, tenperaturak behera egiten du garaieran gora egin ahala. Hozte gradientea, gutxi gorabehera, gradu erdikoa izaten da ehun metroko desnibeleko; baina gradiente hori (magnitude baten aldaketa, noranzko jakin batean, gehienetan horizontalean edo bertikalean) lekuan lekuko baldintzen arabera aldatu egiten da eta baita urtaro batetik bestera ere. Ibarretan, askotan, tenperatura azpikozgoratzen da eta horrek, zenbaitetan, gradientearen banaketa normala nahastu eta aldarazi egiten du. Bestalde, zenbat eta garaiera handiagoa, orduan eta prezipitazio gehiago izaten da, behintzat maila batera arte.

Aire masak oztopo orografikoek behartuta igotzen direnean, hodei gehiago izaten da eta baita prezipitazioak ere (euria bezala elurra); hala ere, prezipitazio eta garaiera arteko harremana asko aldatzen da mendiak non dauden, haize nagusiei buruz zein orientazio duten edo mendiaren erliebearen beraren ezaugarrien arabera; hortaz, berezitasun asko dago kontuan hartu beharra.

Eskualde menditsu bateko klima (batez ere irrada zikloa, tenperatura erritmoa eta, bereziki, prezipitazioak) mendia dagoen latitudearen mende dago. Tropiko arteko eremuetan, haietan urte guztian tenperatura bertsua izaten baita (eguzki irradak zutak baitira lurrari buruz), tenperaturaren batez besteko balioek behera egiten dute zenbat eta gorago egon, eta horrek klimen mailaketa sortzen du, maila batetik besterako aldaketa nabarmena izaten dela. Hala, Andeetan adibidez, 500-1.000 metro bitarteko tarteari lur beroa esaten zaio, 1.000 eta 1.500-2.000 tarteari lur epela, 3.000 metro bitarteari lur hotza, gero paramoa eta puna daude, 4.500 metrotara artean, eta horren gainetik paraje elurtuak.

Prezipitazioei dagokienez, gorabehera handiak izaten dira mendialdeko klima mota batetik bestera; tropiko hezeetan, esaterako, prezipitazio asko izaten da. Tropiko horien ezaugarri plubiometriko bereziak eta garaiera direla eta, munduko euri erregistro ikusgarrienak jaso dira horietan; Hawaii uharteetan adibidez, urteko batez besteko euri kopurua mila milimetrotatik gorakoa da. Hala ere, gehieneko prezipitazio maila horiez gainera, tropikoko eta ekuatoreko toki garaietako hainbat mendi sistemetan prezipitazio mailak behera egiten du eta elkortasuna ere izan ohi da; Boliviako edo Peruko plataformetan adibidez, bostehun milimetrotara ez dira iristen, eta Kilimanjaro mendian, lau mila metroko garaieran, berrehun milimetroz azpitikoak izaten dituzte.

Goi latitudeetan eta tartekoetan, aldiz, tropikoetan baino tenperatura aldaketa handiagoak izaten dira neguaren eta udaren artean; tenperatura aldaketa horiek kontinentearen barrualdean nabarmenagoak dira oraindik. Horrez gainera, eguzki izpien makurdura dela eta, tenperaturaren banaketa isurialdeen norabidearen mendekoa da, eta egutera eta laiotza bereizten dira. Ekialde-mendebal norabidea duten bailaretan, iparraldea hotzagoa eta hezeagoa da, eta neguan, astetan eguzki izpirik ez iristea gerta daiteke; horren ondorioz, tenperatura beheraldiak bizkorragoak izaten dira eguterako aldean itzalaldean baino, eta baita tenperatura oszilazioa ere. Mendialdean, bestalde, euri kopurua igo egiten da bi mila edo hiru mila metro arte, eta prezipitazio gehienak elurrezkoak izaten dira; dena dela, elur kopurua, behe latitudeetan gertatzen den bezala, haize epelen eraginaren araberakoa da. Mendikate gehienek isurialde bat hezea izaten dute eta bestea lehorra. Isurialde hezean, aurrealdeko prezipitazioek euri jasa handiak ekartzen dituzte; isurialde lehorra, aldiz, Foehn efektuaren eraginpean egoten da, eta oso euri gutxi egiten du. Erliebearen ardatza zenbat eta perpendikularragoa izan haize nagusien norabideari buruz, orduan eta handiagoa izango da alderdi hezearen eta lehorraren arteko aldea; hala gertatzen da, esate baterako, Txileko Andeetan mendebaleko haizeekiko.

Horregatik guztiagatik, mendialdeetan klima desberdintasun handiak izaten dira.

Argitu diren ezaugarri orokorrez gainera, beste hainbat ezaugarri direla eta (latitudea, itsasoa hurbil egon ala urrun egon, eguzkialdia, topografia, etab.), tokian tokiko klima bereziak sortzen dira.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]